donostiakultura.com

Martxoa, 2009

Museografia lehiaketa

lunatus-2

Urtarrilaren 23an San Telmo Museoko ekipamendu museografikoen diseinua, hornikuntza, instalazioa eta aldi baterako mantentze-lanak egiteko lehiaketaren behin betiko esleipena egin zen, Lunatus S.L. enpresa izan zelarik lehiaketaren irabazlea. Lehiaketa honen deialdia 2008ko uztailan egin zen etabost proposamen aurkeztu ziren. Plikak urriaren 22an ireki ziren, behin behineko esleipena abenduaren 19an egin zen eta behin betikoa aurtengo urtarrilaren 23an. Ondorioz, lan etapa berri bat hasten da honekin, Lunatuseko eta San Telmoko langileen arteko elkarlanean museoa inauguratzen denean nolakoa izango den zehazteko.

Folletoen digitalizazioa

folletoak-handiagoa5 Museoak folletoen katalogazio eta digitalizazio proiektu bat abian jarri du, Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza bati esker.

San Telmok bere sorreraz aurretik gaur arteko folleto eta esku programak gordetzen ditu bere liburutegian. Proiektu honetarako interesgarrien iruditu zaizkigunak aukeratu ditugu, gutxi barru gure webgunearen bitartez erabiltzaileen eskura egon daitezen.

Dokumentuen artean: San Telmon bere inauguraziotik gaur arte egin diren erakusketen folleto eta esku programak, bai eta hiriko beste udal aretoetan egindakoak ere 1974 arte (zaharrena 1896koa da), hala nola, kultur ekitaldi ezberdinetarako gonbidapenak, araudiak eta beste eratako folletoak.

Zaharberritze tratamenduak

2008ko azken hilabeteotan hainbat funtsen gainean zaharberritze lan bat egin da, shock termikoaren bitartez xilofagoen aurkako tratamendua aplikatuz. Honen barne sartu dira tallak eta altzariak, armak, markoak, Diderot entziklopedia eta etnografiako pieza guztiak.

Halaber, pintura lanen alorrean presazko kontserbazio eskuhartzeak burutu dira, hauen artean azpimarratzekoak intsektuen aurkakoak, bastidore aldaketak eta kontsolidazioa. Pintura atalean lan gehiago egiten ari dira oraindik ere.

Akta liburuen digitalizazioa

 

San Telmok, 2008an, museoaren Gobernu Batzorearen akta liburuen digitalizazioa amaitu du. Proiektu honi esker, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jaso duena eta 2007an abian jarri zena, liburu hauen kontsultak errazten dira. Izan ere, museoari buruzko informazioaz gainera, Donostiako 1899 eta 1982 urteen bitarteko bizitza kulturalari buruzkoa ere aurki daiteke bertan. Gainera, gure webgunean erabiltzaileen eskura jarri ditugu.

Zuloaga pabilioiko lanak

zuloaga-1

Zuloaga pabilioia 1932an eraiki zen arren, eraikuntzaren zati hau mantentzea erabaki da, museoarekin oso identifikatua dagoelako. Bota dena, lehen eta bigarren solairuak lotzen zituen gehigarria izan da soilik.

Estalkia, lauzak, murruak etabar bota dira eta estruktura indartu egin da uste baino egoera okerragoan zegoelako. Lehen eta bigarren solairua lotuko dituen eskailera egiten hasi dira.

Klaustro eta dorreko lanak

dorrea1

Dorrearen egoera txarra agerian gelditu da Zuloaga pabilioiaren eranskina botatzerakoan eta honek ahalegin berezia egitea eskatu du ezusteko zailtasuna konpontzeko. Klaustroari buruz, hiru gune ireki dira bertan: hauetako bi eraikin berriarekin lotzeko eta hirugarrena Zuloaga pabilioiarekin lotzeko.

Hego nabean, sare-solairuen egoera txarrak 1932an egindako baserriaren museografia kentzea beharrezkoa egin du, eta baita estrukturak indartzeko beste hainbat lan egitea ere.

Klaustroa eta Sala kapitularraren ondoan dagoen eskailera biribila, originala, museografikoki errekuperatzeko asmoa dago behatokira igotzeko pasabide gisa. Helburu hau lortzeko ondarea zaintzearekin bat datorren irtenbide bat bilatzen da.

Horma pinturak elizan

gangako-pinturak-11

Eliza bera da egindako beste aurkikuntza interesgarri baten kokalekua. Izan ere, bertan, topatu baititugu, ezustean, XVI. mendean egindako horma-pinturak, ondoren gainean ezarritako kareztaduren azpian gordeta. Komentua eraiki zen garaian ohikoa zen tenpluen murru eta gangatan entokadurak, luzituak eta horma-pinturak egitea. Orain museoko elizan aurkitutakoen gai ezberdinak dituzte: arkitektura edo eraikuntza elementuen imitapenak, aingeruak, izurdeak, pintatutako gurutze eta ezkutuak edo pintura ikonografikoak, gangen zatiketak aprobetxatuz.

Kriptak

cripta-1-aerea2

San Telmo Museoa birgaitu eta handiagotzeko proiektuaren lanek Sala Kapitularreko hilobiratzeez gainera beste aurkikuntza arkeologikoak egitera eraman dute. Hauen artean azpimarratzekoa, elizako kriptak, hiru guztira, tenpluaren eraikuntza garikoak. Hauetako bi, klaustrotik eta aldi baterako erakusketa aretoetatik gertuen zeudenak, hain egoera txarrean zeuden -XX. mende hasierako lanak egiterakoan puskatu zituztela pentsa daiteke-, ezin izan direla mantendu. Baina hirugarrenean, elizaren absidean kokatua eta ziurrenik tenpluko kripta nagusia, posible izan da bere ezaugarri nagusienak zeintzuk diren finkatzea eta etorkizunean ziurrenik museo erabilera emango zaio.

Elizako lanak

 

garabia-klaustroan

Eliza izan da lanen bilakaeran eragina izan duten aurkikuntzen beste guneetako bat. Izan ere, Sala Kapitularretik gertuen dagoen partean antzinako bi kripten arrastoak aurkitu dira, nahiz eta hauen egoera txarragatik ez den gerorako mantentzea erabaki.

Aldarearen inguruan, aldiz, indusketa arkeologikoa egin ahal izan da eta honen emaitza bertan kokatutako hiru aldareetatik bi aurkitu direla izan da, hala nola kripta nagusia. Azken honentzat museografia proposamen bat egingo da ziurrenik (xehetasun gehiago beste post batean).

Elizaren estalkia aldatu beharra dago. Garrantzia handiko lana denez, aurretiako prestakuntza lanak egitea beharrezkoa izan da: klaustroan garabi handi bat jartzea, lurra materiala daramaten kamioiak pasatzeko prestatzea eta haren gainean jarriko den babesteko estalkia eustea.

Hilobiratzeak

hilobiratzeak-1

 Lanak hasi ondoren sortutako ezustekoetako bat Sala Kapitularrean aurkitutako hilobiratzeak izan dira, klaustrotik gertuen dagoen aldean. Azken urteotan erabilera desberdinak izan dituen aretoa da hau: sakristia, sala kapitularra, Etxeberritarren kapera eta, azken etapan, museoko aldi baterako erakusketa aretoa.

Hilobiratze zona honetan Aranzadi Zientzia Elkarteak indusketa eta azterketa arkeologikoa egin ditu, eta honen ondorioz dakigu bi maila edo une historiko desberdintzen direla. Irakurtzen jarraitu