donostiakultura.com

Abuztua, 2010

San Telmo Museoari buruzko erakusketa Kutxaren Boulevard aretoetan

st obra 1875

Gaur inauguratuko da “San Telmo Museoa. Zatoz ezagutzera” erakusketa. Kutxaren Boulevard aretoetan aurkezten den erakusketa honek San Telmo Museoaren berrikuntza proiektua eta prozesua azaltzen ditu, eta baita nolakoa da 2011n berriro ateak irekiko dituen museoa, Euskal Gizartearen eta Herritarren museo gisa. Aretoen egitura baliatuz -hiru solairuetan banatua- erakusketaren edukiak ere horrela antolatu dira bisitariak berritze prozesua ondo jarraitu ahal izateko.

Behe solairuan mendea betea duen museo honen historiari errepasoa egiten zaio: bildumak, museoan burututako ekitaldiak, erakusketak, jarduerak, bilakaera eta azkenik, berritzeko beharra eta lehen proiektuak.

Zero solairuan Nieto Sobejano arkitektura estudioaren proiektua azaltzen da, eta eskuhartzearen gakoak: eraikin historikoaren zaharberritzea eta errekuperazioa, museoaren zabaltzea eraikin berriaren bitartez, bere fatxada berezia eta museoko barne espazioen antolaketa.

Lehen solairuan, San Telmo berria zertan datzan azaltzen da, bai eta definizio horretara iristeko egin den lan prozesua: diskurtsoaren eraketa adituen laguntzaz, erakusketa iraunkorra, erakundearen ondare eta kultura proiektua, bere helburuak eta asmoak. Erakusketaren solairu honetan, gainera, museoaren publikoak zeintzuk izango diren azaltzen da, eta horrekin batera bere burua bertan islatua aurkitzen ez duen edozein pertsonak bere ekarpena egiteko aukera dago, publiko espektro hori aberastuz.

Ordutegia, egunero 11:30-13:30 eta 17:00-21:00, eta sarrera dohainik.

Informazio gehiago Kutxaren webgunean eta San Telmo Museoaren webgunean.

Lanen argazki berriak San Telmoren webgunean

st obra 1926

Eguneratuta dago San Telmo Museoaren webguneko “Lanak iruditan” ataleko argazki sorta. Atal honek museoaren lanen bilakaera jasotzen du argazki bidez egiten den jarraipenari esker. Jarritako azken irudiak apirila-ekaina hiruhilekoak dira eta hemen ikus daitezke.

Eskultura berria hiriko kaleetan

STM-Zugasti-Ruiz-Itxaso-Kutxa[1]

Jose Zugastiren Formaren garapena eskultura Donostiako hiriko ondare artistikoaren parte izango da hemendik aurrera: brontzezko artelana 5,10 m luze eta 3,40 m zabal da, eta 2,10 m goratzen da lurretik. Kutxa bildumakoa, lagapenean utzi zaio Donostiako Udalari.

Formaren garapena ikusgai egon zen 2009an kubo-kutxa aretoak antolatu zuen Ciria/Zugasti erakusketan. Eskultura Enpresa Zientzien Eskola ondoko lorategietan ezarri dute, Tolosa hiribidetik hurbil, Donostiako unibertsitate-eremuan. Inaugurazio ofiziala atzo goizean egin zen eta ekitaldian izan dira Jose Zugasti bera, Carlos Ruiz, Kutxako Gizarte eta Komunikazio Arloko zuzendaria, eta Denis Itxaso, Kultura eta Gazteria zinegotzia. Jose Zugasti Eibarren jaio zen 1952an eta Madrilgo San Fernando Arte Ederretako fakultatean ikasi zuen. Hainbat hiritan ikus daitezke haren obrak: Murtzian, Palman, Bilbon… Arkitektura-proiektu batzuetan aritu da lankidetzan eta hainbat erakusketatan parte hartu du, bakarkakoak nahiz kolektiboak. Zugastiren obrak bilduma publiko eta pribatu garrantzitsuetan daude gaur egun.

Informazio gehiago Kutxaren webgunean eta San Telmo Museoaren Flickr kontuan kokapena jasotzen duten argazkiak.