donostiakultura.com

Otsaila, 2011

Euskal Herriko hiri ezberdinetan San Telmo Museoko Erronkak ataleko grabaketetan parte hartzeko gonbitea

San Telmo Museoa

Museoaren leloa den Zatoz zuganaren ildotik, museoaren erakusketa iraunkorreko Erronkak izeneko atalaren bideoinstalazioko bi ikusentzunezko hiritarren partehartzeari esker burutuko dira. Horretarako, bi ekimen desberdin jartzen dira martxan eta ohar honen bitartez horietako batean, Kulturartekotasuna erronkarrekin lotuta dagoen horretan, parte hartzeko gonbitea luzatu nahi du museoak.

Kulturartekotasuna

Deialdi publiko baten bitartez, hiritar guztiak ikusentzunezko honetan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu. Horrela, gure gizartearen familia argazki bat egitea lortu nahi dugu, bere aniztasuna islatuko duena arraza, sexu, adin, kultura eta kondizio sozial ezberdinetako pertsonak bilduz, gutxiengoengan arreta berezia jarrita.

Parte hartzeko deialdia irekita dago eta otsailaren 28tik martxoaren 5era bitartean burutuko da Baiona, Bilbo, Donostia, Iruñea eta Gasteizen. Egun bakoitzean, grabaketa talde bat dagokion hirian egongo da eta set-ak prestatuko dituzte gune publiko edo kultur etxeetan gizarte mosaiko honetan parte hartu nahi duen guztia grabatzeko. Datozen astelehen eta asteartean Donostian izango dira eta hau izango da egutegia:

    2011-02-28 Donostia – Casares-Tomasene Kultur Etxeko musika aretoan (10:00-14:00) eta Okendo Kultur Etxeko ekitaldi aretoan (16:00-20:00).
    2011-03-1 Donostia – EHUko Aularioan (10:00-14:00) eta Udal Liburutegiaren Fermin Calbeton kaleko Haur Liburutegian (16:00-20:00).

Hortik aurrera beste hirietan egingo dira grabaketak:

    2011-03-2 Iruñea Centro Comunitario Auzoenea (10:00-14:00).
    2011-02-3 Bilbo – “La Bolsa Ibaiondo” zentro zibikoa (10:00-14:00) eta Alhondiga (16:00-20:00).
    2011-02-4 Gasteiz – Aldabe Zentro Zibikoa (10:00-14:00 eta 16:00-20:00).
    2011-02-5 Baiona – Baionako Euskal Museoa (10:00-14:00).

    Parte hartzaileek segundu batzuz kamera aurrean egon beharko dute soilik, ezer egin gabe. Ohiko kaleko edo laneko jantziekin etortzea eskatu nahi diegu, bereziki prestatu gabe.

Foru Aldundiak urteko 350.000 euroko ekarpena egingo dio San Telmo Museoari

_DSC8236

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta San Telmo Museoak bost urterako lankidetza hitzarmena sinatu dute, kultur eskaintza elkar hartuta garatzeko. Adostutakoaren arabera, San Telmo Museoak urtean 350.000 euro jasoko ditu Foru Aldunditik, aldizkako erakusketak eta horiekin loturiko jarduketen finantzaketarako. Aurten, kopuru hori, 300.000 eurokoa izango da, museo berria apirilean zabalduko dela kontutan hartuta.

Gaur, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Odon Elorza Donostiako alkateak sinatu dute lankidetza hitzarmena San Telmo Museoan.

Prentsaurreko berdinean, museoaren inaugurazio data azaldu da, martxoaren 28a, eta baita erakusketa programazioaren ildo nagusiak ere, 2011 urteko programazioaz gain. Apirilaren 2an irekiko ditu ateak bisitarientzat museoak, “6mila milioi Beste” erakusketarekin, ateak zabalik 2an eta 3an eginik.

Irailetik azarora “Federico Fellini. Ilusioen zirkoa” ikusi ahal izango da San Telmon, eta urte amaieran hasita, “Euskal artearen inguruan” izenburuko erakusketa, museoak berak ekoiztua.

Informazio gehiago, hemen.

EITBrekin hitzarmena sinatu du San Telmok gaur, eta erakusketako “Erronkak” aurkeztu

2Q6Z5414

Gaur museoan egindako prentsaurrekoan, Odón Elorzak, Donostiako alkateak, eta Alberto Suriok, EITBko Zuzendariak, bi erakundeek sinatutako akordioaren berri eman dute. Hitzarmenaren arabera, Euskal Irrati Telebista San Telmo Museoaren Patrono Pribatua izango da datozen hiru urteetan. Horretarako, EITBk urtero 70.000 euroko ekarpena egingo dio museoari, jenerotan, bereziki publizitate tarteetan –telebista, irrati eta interneten-, eta museoak, bere aldetik, hainbat onura eskainiko dizkio EITBri.

Suriok adierazi duenez, EITBk beste herrialdeetan kultura munduko erakundeekin duen konpromisoa Gipuzkoara ere ekartzen du hitzarmenaren bitartez. Museoko zuzendariak, Susana Sotok, honek museoarentzat duen garrantzia azpimarratu du eta konfidantza eskertu, bide batez.

Erakusketa orokorraren “Erronkak” atala ere aurkeztu dute prentsaurreko honetan. Elizan erakutsiko dira gizarte honek etorkizunari begira dituen bost erronka: Europa interkonektatua, Genero-berdintasuna, Kulturartekotasuna, Bakea eta giza eskubideak eta Iraunkortasuna. Gehienbat ikusentzunezkoen bitartez aurkeztuko dira, euskal egile askok parte hartu duten proiektu bati esker.

Hauetako bi gai osatzeko, gainera, hiritarren partehartzea eskatuko da, eta horrela, datozen egunotan Donostian, Bilbon, Baionan, Gasteizen eta Iruñean egingo diren grabaketatan parte hartzeko deialdia luzatuko dugu Kulturartekotasunaren pieza egiteko eta astelehenetik aurrera internet bidez testigantzak bidaltzeko aukera izango da Europa Interkonektatua osatzen joateko.

Informazio gehiago, hemen

San Telmoren azterlan ekonomikoa, ordutegiak eta prezioak aurkeztu dira

Fachada MST

Gaur aurkeztu dituzte San Telmo Museoaren azterlan ekonomikoa, ordutegiak, prezioak eta erabilera arauak Donostiako Kultura zinegotziak, Denis Itxasok; Donostia Kulturako zuzendariak, Antton Azpitartek; eta museoko zuzendariak, Susana Sotok, prentsaurrekoan.

Museoaren azterlan ekonomikoaren arabera, museoaren gastuei eta diru-sarrerei buruzko aurreikuspenak eta egindako estimazioak aurkeztu dituzte, sarreren salmentarekin, alokairuekin, babesleekin eta erakundeen laguntzarekin kontatuta. Udalak, orain arte bezala, bere gain hartuko du museoaren aurrekontuaren parte nagusia.

Museoaren sarrera orokorrak 5 euro balioko du, eta badira baita prezio murriztua duten hainbat modalitate, 3 eurotan -ikasleak, 65 urtetik gorakoak…- eta doako sarrera ere, 18 urtetik beherakoentzat, besteak beste.

Ordutegia, bestalde, 10:00etatik 20:00etara izango da, asteartetik igandera. Astelehena izango da itxiera eguna, jaieguna denean ezik.

Informazio gehiago, hemen.