Aurtengo Aste Nagusian Itzurun konpartsako protagonista nagusiek San Telmo Museoan hartuko dute atsadena. Donostia Kultura Festak eta San Telmo Museoak antolatuta, arratsalde osoa dantzan pasatu eta gero, harri-kartoizko panpina handiek museoko klaustroan hartzen dute indarra. Haur zein helduen idoloak arratsaldeko 18.30ak arte bisita daitezke, ordu horretatik aurrera hiriko kaleetan zehar ibiltzen baitira karrikak kolorez betez.
Erromualdok, Estitxuk, Blancak, Manriquek, Karmelik, Mattinek eta Maritxuk donostiarren eta bisitarien ondoan egon nahi dute. Horregatik, hilaren 17an, margo tailerra egingo da Zuloaga plazan eta larunbatean, hilak 20, agur-ekitaldia egingo da plazan. Donostiako erraldoiek eta buruhandiek agur esango diote 2011ko Aste Nagusiari eta beren etxera itzuliko dira hurrengo urtera arte.

Erraldoiak Donostian, historia pixka bat
Jai edo ospakizun tradizional orok musika eta dantza ditu osagarri. Erraldoiak Euskal Herriko jai-ekitaldien parte dira, eta kaleak girotzen dituzte dultzainaren eta txistuaren soinuarekin dantzan doazenean.
Lehen erreferentzia historikoek erlijio-prozesioetara garamatzate. XVIII. mendean, garrantzi txikiagoa izan zuten, ez baitziren egokitzat hartzen erlijio-ekitaldietan parte hartzeko.
XIX. mendean, berriz, berreskuratu egin zen erraldoien ohitura, baina aldi hartan izaera profanoa eta herrikoia izan zuen. Handik aurrera, tradizioak bizirik iraun du, eta garai eta leku bakoitzeko pertsonaietara eta ohituretara egokitu da.
Dakigunez, 1660. urtean errege-erregina mairuak irudikatzen zituzten zazpi erraldoi-bikotek desfilatu zuten Donostiako kaleetan barrena, ezpata-dantzekin eta hanketako kaskabiloekin batera. Segizioaren amaieran, balea baten izugarrizko irudi bat eraman zuten.
Erraldoien ohiturak XIX. mende osoan iraun zuen, baina Donostiako Belle Epoque-ko udako turistek nahiago zituzten beste entretenimendu mota batzuk, hala nola zezenketak, bandaren kontzertuak eta su artifizialak.
1982an, berriz irten ziren erraldoiak Donostiako kaleetara. Erraldoi horiek San Juan eguneko pertsonaia mitologikoen desfilean parte hartzeko egin ziren, baina desfilea ez zen inoiz egin.
Oskar Moreno argazkilariak ateratako argazkiak eskaintzen dizkizuegu.









