donostiakultura.com

Urtarrila, 2012

Caracaseko Kopiatzailea orain ere formatu digitalean

INTERIOR COPIADOR

San Telmo Museoak Caracaseko Kopiatzailea koadernoa digitalizatu du, garrantzi handiko pieza hau musoko “Aztarnak Oroimenean” erakusketan dago ikusgai.

Formatu handiko koaderno honek 953 orri ditu eta Caracaseko Erret Konpainia Gipuzkoarrak 1781-1782 bitartean jasotako komunikazioak biltzen ditu. Historia, ontzi-arloa, komertzioa edota politikari buruzko dituen datuak balio handikoak dira Gipuzkoako historia ezagutu ahal izateko.

Gipuzkoako hainbat akziodunek Venezuelako kakaoaren merkatua kontrolatzeko Donostian sortu zuten enpresa zen Caracaseko Erret Konpainia Gipuzkoarra, “La Guipuzcoana” bezala ere ezagutua. Izan ere, konpainia hau izan zen, besteak beste, Donostiako alde zaharrean dagoen Santa Maria elizaren sustatzaile nagusia.

Pieza honen digitalizazioari esker, bisitariak liburu honetan jasotako informazioa kontsultatu ahal izango du museoan bertan, San Telmo Museoko artxiboaren bidez.

Praileaitzeko lepokoari egindako frogak piezaren errekarrien jatorri geografikoa zehaztuko du

Praileaitzeko lepokoa
San Telmon ikusgai dagoen Praileaitzeko aztarnategian aurkitutako lepokoari froga bat egin zioten atzo Bordeletik etorritako zientzialari talde batek. XRF izeneko testak pieza honen errekarrien jatorri geografikoa zehazteko balioko du.

Taldearen zuzendaria, Francesco D’ Errico arkeologo italiarra, Praileaitzeko indusketen zuzendariarekin, Xabier Peñalverrekin eta Sonia San José arkeologoarekin, aritu zen lanean “Aztarnak Oroimenean” aretoan, lepokoa aurki daitekeen erakusketa aretoan, alegia.

Duela milaka urte lepokoaren zintzilikariak egiteko erabili ziren errekarrien osagarri mineralak aztertzen ditu XRF testak. Horrela, zientzialariek hauen jatorri geografikoa zehaztu ahal izango dute, hau da, aztarnategiaren inguruko ibaiak ikertuz, Praileaitzeko antzinako bizilagunak lehengai horiek nondik atera zituzten jakin ahalko da, gertuko ibaietatik edo urrunagotik ateratzen zituzten, hain zuzen.

Gipuzkoako arkeologiak interesa piztu du jendartean

Arsuaga

2400 bisita inguru izan ditu San Telmo Museoan amaitu berri den “Historiaurrearen abentura Gipuzkoan” erakusketak. Gainera, hauetatik, erdiak baino gehiagok erakusketarekin batera antolatu diren hitzaldi, bisita eta tailer didaktikoetan parte hartu du.

Erakusketaren osagarri gisa egin diren jarduerek oso harrera ona izan dute, batik bat 2011ko azaro eta abendu bitartean programatutako adituen bost hitzaldiek eta erakusketa osoan zehar egin diren familia eta taldeentzako tailerrak.

Hitzaldien artean Juan Luis Arsuaga arkeologoarena nabarmendu zen. Ekitaldi aretoa betetzeaz gain, beste areto bat ireki behar izan zen kanpoan gelditu zen jendeak hitzaldia zuzenean jarrai zezan, proiektore baten bidez. Tailerretan ere, 65 familiak eta 11 taldek parte hartu dute, 520 pertsona inguru, hain zuzen.

Aranzadi Zientzia Elkartearekin lankidetzan egin den lan honek Gipuzkoan historiaurreko arkeologiak izan dituen ikerketa etapa desberdinak jorratu ditu. Erakusketa ikusteko gogoz gelditu denak aukera izango du aurrerago, San Telmotik Gipuzkoako beste hainbat herrietara eramateko asmoa baitu Aranzadi Elkarteak.

“Historiaurrearen abentura Gipuzkoan” erakusketa ikusteko azken egunak

Historiaurreari buruzko tailerrak

“Historiaurrearen abentura Gipuzkoan” erakusketa bisitatzeko azkeneko egunak dira datorren igandean amaituko baita, urtarrilak 15ean. Asteburuko ordutegia 10:30etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00tara izango da.

Erakusketa amaitu baino lehen “Historiaurreko margoak” izeneko azken tailerra eskainiko da. Helburua historiaurreko munduan murgiltzea da modu didaktiko eta aktibo batean, historiaurreko margoak ardatz izaki. Jarduera larunbat honetan izango da 17:00etan, gazteleraz eta euskaraz.

Orain arte erakusketarekin batera egin diren tailer guztiek harrera oso ona izan dute eta ildo bera jarraituz, hau ere familiei zuzenduta egongo da. Ekitaldia museoko Hezkuntza Tailerrean burutuko da, 2. solairuan. 5 euro balioko du familia bakoitzeko eta ez da beharrezkoa aurrez hitzordua hartzea.

Ostegunero, pintxo dastaketa San Telmon

STM-Bokado 2

Ostegunero Bokado taldeak kudeatzen duen San Telmoko kafetegiak, pintxo berri bat dastatzeko doako aukera eskaintzen du. Bertako sukaldari nagusiak, Paul Arrillagak, zein pauso jarraitzen dituzten argitu digu: “Astero produktu bat aukeratzen dugu eta osagai horrekin hainbat proba egiten dugu nahi duguna lortu arte”.

Berrikuntzarako eszenatoki paregabea bihurtu da, beraz, San Telmoko gastro-kultura gunea. Astean zehar landutako produktu horren emaitza da bertako sukaldari taldeak ostegunero, 20:00etatik 22:00etara,  banatzen duen pintxoa. “Bezeroek eskatzen duten edariarekin batera pintxoa ematen diegu proba dezaten”, azaldu du Arrillagak.

Gainera, pintxoarekin batera txartel bana ematen zaie bezeroei “mokadua zer iruditu zaien” azaldu dezaten. “Oro har arrakasta izan duela ikusten badugu balioztatu eta gure sortze-zerrendara gehitzen dugu pintxo berri gisa”, argitu du sukaldariak.