donostiakultura.com

Otsaila, 2012

Mugatxoan. “Gorputza desagertzen denean”

Mugatxoan

Mugatxoan ekimenak “Gorputza desagertzen denean” tailerra antolatu du San Telmon. Arteleku eta Tabakalerak koproduzitutako proiektua, ostiraletik igandera izango da museoan.

“Gorputza desagertzen denean” proiektuaren helburua zenbait forma/praktikaren esperimentazioan oinarrituta, diskurtsoa sortzean datza. Praktika horiek testuinguru ezberdinetan garatzea proposatzen du, zalantzan jarriz egungo formatu diskurtsiboen esperimentazioa, performance-a argitalpen gisa eta praktika hauek plazaratzea ikuslego berri eta zabalago baten aurrean. Proiektu honek, urtean zehar, hainbat une ikusgarri izango ditu eta bigarren atal honetan, 0 Emanaldia saioa aurkezten du.

Irrati saio bat sortuko dute performance-a (edo ekintza artistikoa), hitzaldia, elkarrizketak eta hainbat parte-hartzerekin. Sortzen den irratsaio hori Laborategi aretoan entzuteaz gain, irrati libre batean ere entzun ahal izango da.

Artelekuk ateak itxi behar izan zituen joan den urteko azaroan jasan zituen uholdeengatik. Hori dela eta, tailerra museoko Laborategi aretoan (bigarren pisua) izango da doan, 18:00tatik 21.00tara.

Munoaundi, baita San Telmon ere

Aztarnak orimenean aretoa

Joan den ostiralean, 2.500 urteko antzinatasuna duen Munoaundi aztarnategiari buruzko erakusketa zabaldu zuten Azpeitian. Urola bailaran kokatzen den Burdin Aroko herrixka harresitu honetan aurkitu diren arrastoen artean bi San Telmo Museoan daude ikusgai.

Azpeitia eta Azkoitia artean dagoen Munoaundi aztarnategia erromatarrak iritsi baino lehenagokoa da. Duen balore arkeologikoa ikusita Aranzadi Zientzia Elkarteak duela sei urte indusketak egiteari ekin zion, garai hartako bizimoduari buruzko datuak biltzeko asmoz.

Azpeitiko Betharram aretoan, orain arte aurkitutako pieza gehienak izango dira ikusgai otsailaren 19ra arte. Gero, erakusketa bera Azkoitian antolatuko dute, Torre Zuri erakustokian, otsailaren 23tik martxoaren 4ra arte.

San Telmok, aurkikuntza horien parte diren bi pieza ditu “Aztarnak Oroimenean” aretoan, komertziorako erabiltzen zuten pisu bat eta dorretxo formako fibula.

San Telmo Museoko 1.480 pieza bere kontserbaziorako tratamendua jasotzen ari dira

Tratamiento desinsectación

San Telmo Museoko bildumako 1.480 pieza baino gehiago kontserbaziorako tratamendua jasotzen ari dira, horretarako, gas geldoen bidez egiten den intsektuen kontrako metodo espezializatua erabiliz. TSA Conservación de Patrimonio enpresak erabili duen teknika honi esker, intsektuak erabat desagertzea lor daiteke produktu toxikorik gabe eta artelanak, ingurunea eta langileak kaltetu gabe.

Gaur egun gas geldoen erabilera artelanetan, intsektuak desagerrarazteko bere arloko teknika aurreratuena da. Aplikatzeko, beharrezkoa da zigilatze teknika bereziak burutzea, hezetasunari eta oxigenoari iragazkortasun baxua dion neurriko ganbera plastikoa egitea eta bertan tratamenduaren aldagarritasuna kontrolatuko eta tratatuko duen dispositiboa jartzea. Gero, tratatu behar diren koadroak eta piezak ganberan sartu eta hermetikoki zigilatzen da.

Azkenik, ganbera barruan dagoen oxigenoa kendu behar da, hezetasun eta tenperatura era egonkorrean mantenduz gutxienez hamabost egunetan. Bi asteak igarota, oxigenoaren %100aren gabezia dela eta, egurrean bertan dauden intsektuak hil egingo dira, edozein hazkuntza fasean daudela ere.

Aldez aurreko tratamendu hau ezinbestekoa da artelanen kontserbazioa bermatzeko eta beste piezetan edota Gordailu ondare zentro berrian intsektu-izurriteak ekiditeko.

Artean berdintasuna bideratzeko topaketa

Ekitaldi aretoa

Joan den urtarrilaren 28an, sortu berri den A PLATAFORMAk genero berdintasuna defenditzen dutenen zenbait ordezkari bildu zuen San Telmo Museoan. Arlo artistikoan murgilduta dauden artista eta profesionalen eskubideen alde lan egitea dute helburu.

Ekimenera, Kultura sailburua eta berdintasun teknikaria joan ziren hainbat taldek arlo honen inguruko proposamenak aurkeztu baitzituzten. Bileran, plataformari buruzko sarrera labur bat egin eta gero, zenbait adituk eta taldek, artearen arloan emakumearen lanaren ikusezintasunaz aritu ziren: MAV, Wikihistorias eta Feministaldia kolektiboak, besteak beste.

Bertaratu ziren kolektiboen aurkezpenak amaitzean, talde-lanetan bildu eta zein norabide hartu behar zuten aztertzen hasi ziren.

Euskadin emakumeen lan artistikoa ezagutzera emateko erakusketak eta ekimenak antolatzeko proposamena egin zen. Berdintasun legeak zabaltzeko aukeraz ere hitz egin zuten, esparru artistiko guztietan praktikan jartzeko asmoz.

A PLATAFORMAK antolatutako topaketan, eskubide berdintasuna aldarrikatzeko eta kultur sistemaren gabeziari aurre egiteko hainbat estrategia eta ekintza gauzatzeko beharra dagoela ondorioztatu zen. Horregatik, bi hilabetean behin Euskal Autonomia Erkidegoko lekuren batean elkartzeko erabakia hartu zuten. Kudeatzaile organoa birakaria izango da eta hurrengo topaketa martxoaren 24an egingo da. Plataforma irekia da eta interes berdinak defendatzen dituen edozein pertsonak edo kolektibok har dezake parte. Edozer kontsulta egiteko helbide elektronikoa: plataforma.arekin@gmail.com