donostiakultura.com

Martxoa, 2012

Urtaro programa abian jarriko du museoak

Godalet

San Telmo Museoak abian jarriko du, datorren astean, URTARO programa. Ekimen honen helburua urteko lau urtaroetan jardunaldi bat egitea da museoko bildumak eta erakusketa iraunkorreko atal ezberdinetan sakontzeko. Jardunaldi bakoitza proiektu bat izango da bere baitan, ikerketa eta dokumentazioa sustatuz eta publiko ezberdinentzako eskaintza sortuz.

Neguari agur esanez hasiko da programa eta lehenengo jardunaldiaren gaia Xuberoako Maskarada izango da, Zamaltzainaren pertsonaian oinarriturik. Kasu honetan, erakusketa iraunkorreko Tradizioak bizirik dirau sailarekin lotuko dira jarduerak, euskara eta euskal folklorea, jantziak eta festen inguruko tradizioak ezagutzera emanez.

Informazio gehiago hemen

Ankulegiren jardunaldiak parte hartze arrakastatsua izan du

madres chewa

145 pertsona inguru gerturatu dira gaur San Telmon antolatu den XV. edizio jardunaldira “Ahaidetasuna gizarte garaikideetan” gaiari buruzko hitzaldietan parte hartzeko asmoz. Ankulegiko arduraduna, Olatz Gonzalez, pozik agertu da egon den parte hartzeagatik eta jardunaldia “oso interesagarria” izaten ari dela ziurtatu du.

Goizeko 9tan hasi da eta lehen saioan bost profesionalek eta adituk hartu dute parte. “Ahaidetasuna bi ikuspuntutik aztertu dute, lehengoa eta oraingoa”, azaldu du Olatzek. Ondorio aipagarriena, “gaur egun ahaidetasuna zainketaren logikaren barruan” dagoela da; lehen, berriz, “senideen, familia arteko loturen, ezkontzen edota talde sozialen” kontua zen.

Olatzek bi hitzaldi ere azpimarratu ditu, Enric Porqueres eta Genék eskainiko duena -El parentesco a la luz de la reflexión sobre la persona-, eta Aurora Gonzálezek egingo duena -Las respuestas a la crisis de la Antropología del parentesco: entre la sigularidad cultural y la comparación-. Ezkontza ahaidetasun harremanetan sartu behar den ala ez eztabaidari buruzko bi ikuspuntu “oso ezberdin” dituzten bi aditu dira. Aurorak “ezkontza arlo politikora atera behar dela dio” eta Enriquek, aldiz, ikuspuntu “tradizionalagoa” dauka.

Kurtsoa amaitu baino lehen, 20:00tan, Ankulegik jardunaldiarekin batera antolatu duen Argazkigintza Etnografikoaren I. Lehiaketaren irabazlearen izena jakinaraziko dute. Parte hartzaile batzuen arabera Madres Chewa argazkiak irabazteko aukera handia du “espontaneoa eta amatasun kutsu handia duelako”. Hala ere, badago gertutik jarraitzen dion beste irudi bat Matriz Provisional izenekoa “oso koloretsua eta deigarria da”, agertu dute.

Argazki galeria hemen
Informazio gehiago hemen

Jazzaldiak hiru kontzertu programatu ditu San Telmon

Gonzalo Tejada

San Telmo 47. Heineken Jazzaldiaren eszenatokietako bat izango da berriz ere, uztailaren 21 eta 23 bitartean. “San Telmoko gauak” izenburupean, jaialdirako soilik sortu diren hiru proiektu esperimental izango ditugu.

Lehenengo emanaldia uztailaren 21ean izango da Hyperpotamus eta Aymeric Hainaux abeslari frantsesaren eskutik, 22an Oreka TX eta Håkon Kornstad saxofoi-jotzaile norvegiarraren txanda izango da eta, azkenik, 23an Gonzalo Tejada eta Olivier Ker Ourio harmonika-jotzaile frantsesa igoko dira eszenatokira.

Kontzertuek hainbat berezitasun izango dituzte: batetik, musikari euskaldun baten eta atzerriko baten arteko elkarlanak izango direla eta bestetik, esparruaren akustika berezia baliatuko dutela.

Informazio gehiago hemen

Publiko guztientzat jarduerak aste honetan museoan

bisita gidatuak

Jarduera asko eta anitzak aste honetan San Telmon: antropologia jardunaldia, bisita gidatuak, familientzako tailerrak, hitzaldiak eta eztabaidak…Anima zaitez!

Astea “Bertako produktuak bizitza osasuntsu baterako” hitzaldiarekin hasiko da, 19:00tan. Solasaldia D’elikatuz elikadura eta gastronomia zentroko adituek eskainiko dute elikadura osasungarria bultzatzeko helburuarekin. Jarraian, teoriatik praktikara salto eginez,  Bokado gune gastro-kulturalean dastatze saio bat egingo dute.

Bihar, asteartea, Iratxe Retolaza idazlearen txanda izango da. Gazte donostiarrak euskal literaturan emakumeen paperari buruz hitz egingo du Asteazken Kulturalak zikloaren barne. Hitzaldia, Bagera elkarteak eta museoak antolatua, 19:30ean izango da, euskaraz, eta sarrera librea izango da lekuak bete arte.

Ostegunean Gaston Bordetek, Besaçon-eko (Frantzia) Unibertsitateko Ideien Historiako katedraduna eta argien mendeko gizarte pentsakeraren ikertzaile izandakoa, Jean Jaques Rousseau-ri buruzko hitzaldia eskainiko du honen hirugarren mendeurrena aurten betetzen dela eta. Hitzaldia eta baita ondorengo eztabaida ere frantsesez garatuko dira, euskarazko eta gaztelerazko aldibereko itzulpenarekin.

Ostiralean, berriz, Ankulegiren (Euskal Antropologia Elkartea) XV. jardunaldia egingo da museoan. Jorratuko den gaia “Ahaidetasuna gizarte garaikideetan: ikuspegi eta auzi berriak familiarteko harremanen azterketa antropologikoan” izango da. Jarduera 9:00tan hasiko da eta 20:00rak arte iraungo du. Parte hartzea irekia da, izena 9:00etan eman daiteke egunean bertan.

Asteburu pasa familia giroan

Asteburua ere jarduerez betea izango dugu San Telmon. Larunbat honetan ere “Josep M. Sert. Modeloaren argazki artxiboa” erakusketaren inguruan antolatutako familientzako jarduerak ditugu, oraingo honetan  “Argazki bizidunak” tailerra. 6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako tailer honetan argazkien eta mihiseen arteko ezberdintasun eta kontrasteak aztertuko dira, testuinguruetan (fondoak) eta eszenatan arreta berezia jarrita. Sarrerak museoan egongo dira salgai 5 euroren truke familia bakoitzeko (plaza kopurua mugatua).

Larunbatean, gainera, Euskaraz bizi Eguna ospatuko da Donostiako Alde Zaharrean antolatu diren hainbat ekitaldiren bidez. Museoak bi jardueren bitartez hartuko du parte: “Hizkuntza Jokabideen” tailerrarekin, 10:30ean, eta izen bera duen bakarrizketarekin, 12:00etan. Lehenengo ekimenean beharrezkoa da aurretik izena ematea – bagera@bagera.net o 943467181 telefonoan-; bigarrenean, berriz, sarrera librea izango da lekuak bete arte.

Honetaz gain, bisita gidatuak antolatu dira doan –sarrera erosita- oraintxe museoak dituen aldi baterako erakusketetarako. Larunbatean, “Bazterrekoen irudiak. Ikuspegi erlijiosotik begira” ikusteko euskarazko bisitak 17:00etan hasiko dira eta gaztelerazkoak 18:30etan.  Igandean, ordea, “Josep M. Sert: modeloaren argazki artxiboa” ikusteko gaztelerazko bisitak 11:30ean hasiko dira eta euskarazkoak 12:45etan. Ez da beharrezkoa aurretik izena ematea.

Familia hizpide

Erakusketako argazkia

Gaur Ankulegi (Euskal Antropologia Elkartea) Argazkigintza Etnografikoaren I. lehiaketako 15 irudien hautaketarekin prestatutako erakusketa jarri da ikusgai San Telmon. “Ahaidetasuna gizarte garaikideetan: ikuspegi eta auzi berriak familiarteko harremanen azterketa antropologikoan” gaia jorratzen du, datorren martxoaren 16an museoan bertan antolatu den Ankulegiren XV. edizio jardunaldiak landuko duen gai bera.

Argazkiak datorren martxoaren 18ra arte egongo dira ikusgai museoaren gune grastrokulturalaren sarbidean eta lehiaketaren irabazleen izenak, berriz, Ankulegiren Jardunaldietan emango dira jakitera. Lehen saria elkarteak berak emango du – diploma eta saritutako argazkiaren publikazioa, Ankulegi aldizkariaren portadan- eta bigarrena publikoak erabakiko du –150 euroko sari ekonomikoa, diploma eta antropologiari buruzko liburu sorta bat-.

Jardunaldietan, gainera, ikerlari eta profesionalak ahaidetasunaren inguruan arituko dira, besteak beste: Pariseko École de Hautes Études en Sciences Sociales-eko Enric Porquerès eta Bartzelonako Universitat Autònomako Aurora González Echevarría.

Sarrera librea izango da lekuak bete arte eta aukera askeko kredituak lortzeko aukera ere egongo da.

Informazio gehiago hemen

“Bazterrekoen irudiak” erakusketa

Deabrua

Dagoeneko “Bazterrekoen irudiak. Ikuspegi erlijiosotik begira” erakusketa bisita daiteke San Telmon, ateak zabalik izango ditu datorren maiatzaren 27ra arte.

Bazterrekoen irudiak. Ikuspegi erlijiosotik begira erakusketak Valladolideko Museo Nacional de Escultura-tik datozen deboziozko 34 pieza biltzen ditu. Artelanak Aro Modernoko Espainiakoak dira, hau da, XVI. mende hasieratik XVIII. mende erdira bitartekoak. Erakusketa hobeto ulertze aldera, lanak lau ataletan banatu dira -Moldakaitzak munduarentzat, Kainen arrastoa, Fuga Mundi eta Emakumeen bizitzak-, bisitariari baztertzeari buruzko ikuspegi orokorra emango diotenak, historiarik gabekoen historiari buruzkoa.

Erakusketaren diskurtsoari, San Telmon, modu dispertsoan ikus daitezkeen Arte Ederretako aretoetako beste 11 pieza gehitu zaizkio, guztiak bazterrekoen sortaren parte zergatik diren azaltzen duen informazioarekin.

Larunbatero doako bisita gidatuak antolatu dira (sarrera aparte) 17:00etan euskaraz eta 18:30ean gazteleraz.

San Telmoren piezetako bat Asparrenen ikusgai

Pieza Araia 2

San Telmo museoak bere bildumako pieza bat utzi dio gordailuan Asparrenako (Araia) alkateari, Diego Gastañares, Arabako herri honetako Mitxarro Museoan jartzeko. Araia burdinarekin erabat loturiko herria da, Erdi Aroaz geroztik, herrialdeko burdinola ezagunetariko bat bertan baitago.

Gaurtik aurrera, XX. mendeko pieza hau Mitxarron bisitatu ahal izango da, 1900. urtean Aniceto Oteguik egindako burdinola baten maketa da eta 1918an museora eramana.

Zentro honek “muxar grisa” bezala ezagutzen den gaueko karraskari baten izena hartzen du eta Naturaren Interpretazio Zentroan kokatzen da, San Pedroko Zentral Hidroelektrikoaren alboan.

Informazio gehiago hemen