donostiakultura.com

Ekaina, 2012

Piskanaka piskanaka…. Pantaila Globala

Pantaila Globala erakusketaren muntaketa lanak

Pausoz pauso, egunez egun, “Pantaila Globala” erakusketa, San Telmo Museoan ekainaren 30etik irailaren 30era bitartean ikusgai izango dena, forma hartuz doa, museoko aldi baterako erakusketen aretoetan muntaketa lanak duela aste batzuk hasi zirenetik. Bartzelonako Central de Projectes enpresako langileak museoko 1.000 metro koadroak egokitzen ari dira Olga Subirós-ek Donostiako egoitzarako prestatutako erakusketa diseinuari erantzunaz. Horrela, piskanaka piskanaka erakusketa, San Telmo Museoak eta Centre de Cultura Contemporània de Barcelonak elkarrekin ekoiztua, nolakoa izango den antzeman daiteke.

Aretoak iluntzeko pintura beltza eta 150 metroko luzera duen zinta-pantaila bat areto osoa zeharkatzen duena, bere zati berezi, bihurgune eta inklinazio, dira dagoeneko aretoetan ikus daitekeena. Ikusentzunezko zinta horren luzera osoan zehar, zazpi pantaila egongo dira: historia, politika, jokoa, kirola, zaintza, publizitatea, gehiegikeria. Helburua pantailaren boterea zein den azaltzea da, ikuspegi ezberdinak kontutan hartuta: erakargarritasuna, eredu eta arketipoen sorrera, informazioa, elkarreragitea, zaintza… eta pantaila-zinta luze honen pare, erabiltzaileen ikusentzunezko erantzunak, zuen ekarpenak, erakusketaren plataforma birtualera jadanik igo ditzakezuenak. http://pantallaglobal.cccb.org/es/incubacio

San Telmo Museoko hurrengo erakusketan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu zuen bideoak bertara igoaz. Gehienez bi minutuakoak izan behar dute eta webgunean planteatzen diren galderetako bati erantzun behar diote. Sariak egongo dira!!!

@santelmomuseo
@pantallaglobal
facebook.com/pantallaglobal

Koloretako alpargatak museoan

P1030052

Loreak, zintak, koloretako harriak…. Zuriaren gainean, irudimenarekin. San Telmo Museoan pasa den larunbatean egindako tailerrean haurrek bere lehen alpargatak diseinatu zituzten. Eta bai ederki gainera!!

25 bat haurrek parte hartu zuten museoak bere bildumetan sakontzeko eta hauek ezagutarazteko abian jarritako Urtaro programaren barne dagoen tailer honetan. Parte hartzeari dagokionean arrakasta handia izan zuen (lekuak bete ziren), eta baita emaitzei dagokienean ere, guztiak mahai gainean zeukaten materiala baliatuz diseinu alai eta erakargarriak lortzeko lanean aritu ziren eta. Bostak aldera, diseinatzaile berriak museoko Industrializaioko atalera joan ziren eta bertan ehun urtetik gora dituzten alpargatak ikusteko aukera izan zuten, “La Primitiva Azcoitiana” lantegian eskuz egindakoak. Ikerfolkeko ehungintza saileko arduradunak, Ane Albisuk, oinetako mota hau bai lanean bai jaiegunetan erabiltzen zela azaldu zien, hortik bakoitzak dituen apaingarri bereziak.

Onintze begiralearekin batera, Anek bitrina inguruan pilatzen ziren haurrak bere abarketa propioak diseinatzera animatu zituen. Hezkuntza tailerrera joaterakoan, 6-12 urte bitarteko gaztetxoek lehenik paperean jarri zituzten bere ideiak eta ondoren alpargata zurien gainera eraman zituzten disinuak. Bitartean, gurasoek helduei zuzendutako mota bereko tailer bat egitea proposatu zuten.

Parte hartu San Telmoko udako erakusketan!

Pantalla Història (1)

Anaia handiaren beldur zara, ala, aitzitik, behatzea eta zelatan egotea atsegin duzu?  Ez al dago oraina iraganera begiratu gabe? Abiadura, gehiegikeria eta mugarik gabe bizitzea atsegin duzu eta hori guztia adierazi nahi?  Nolako atsegin mota lortzen duzu pantaila zaharrekin eta berriekin?   Kirolaren zer ikuspegi ari gara sortzen pantaila anizkoitzen bidez? Publizitatearen, marken, modaren eta joeren fana al zara, ala horrek guztiak sumindu eta asaldatu egiten zaitu?…

Erantzun planteatutako galderetako bati, sortu bideo bat eta parteka ezazu zeure ikusmoldea “Pantaila Globala” proiektuaren webgunean. Ekainaren 30etik irailaren 30era San Telmo Museoan ikusgai egongo den erakusketan egoteko aukera izango duzu.

San Telmo Museoak parte hartzera gonbidatu nahi zaitu CCCBrekin batera ekoiztutako proiektu honetan, gaur egun pantailek duten eragina eta garrantzia aztertzen duena.