donostiakultura.com

Erakusketaren luzapena Untzi Museoan

UM erakusketa 2
Gipuzkoako Foru Aldundiarena den Untzi Museoan ikusgai dagoen “Euskaldunak eta Pazifikoa. Andres Urdanetaren omenez” izeneko erakusketa 2011ko urtarrila arte luzatuko da.
Erakusketa honek Ozeano Barean izandako euskal presentziaren historiaren ikuspegi panoramikoa ematen du ezen, besteak beste, Filipinar uharteetan, Japonen, Amerikako kontinenteko mendebaldeko kostalde inguruan eta Txina hegoaldeko kostaldeko lurretan gauzatu zen. Erakusketak euskaldunek nabigazio eta merkataritzarako ibilbide berriak esploratzen eta deskubritzen betetako eginkizun garrantzitsua azaltzen du. Era berean, ekonomian, zientzia eta kultur arloan, administrazioan eta erlijio kontuetan izan zuten jarduera bizia ere azaltzen du. Garapen kronologikoak XVI. mendetik, hots, deskubrimenduen garaitik (atal batzuk Juan Sebastian Elkano, Andres Urdaneta eta Migel Lopez de Legazpiri daude eskainita) gaur egun arte hartzen du, eta Asiarekiko merkataritzako trukeak eta jatorri horretako etorkinak Euskal Herrira iristea aipatzen ditu.

Museoko funtsez gain, beste museo, zentro eta jabe pribatuen piezak daude erakusgai; hala nola piezak utzi dizkigute Valladolideko Museo Orientalak, San Telmo Museoak, Ibero-Oriental Frantziskotarren Artxibategiak, Gipuzkoako Agiritegi Orokorrak, Kutxa Fundazioak, Usurbilgo parrokiak eta Zumarragako, Ordiziako eta Getariako Udaletxeek. Bisitaldia audiogiden bitartez ere egin daiteke.

Iruzkin bat utzi

Iruzkin bat bidaltzen duzunean, betiko baimen bat ematen diguzu zure hitzak, zure izena eta zure webgunea argitaratzeko. Administratzaileak iruzkin desegokiak ezabatuko ditu.

Albiste honen erantzun guztiak jarraitu ditzazkezu, RSS 2.0