donostiakultura.com

Erakusketak

Piskanaka piskanaka…. Pantaila Globala

Pantaila Globala erakusketaren muntaketa lanak

Pausoz pauso, egunez egun, “Pantaila Globala” erakusketa, San Telmo Museoan ekainaren 30etik irailaren 30era bitartean ikusgai izango dena, forma hartuz doa, museoko aldi baterako erakusketen aretoetan muntaketa lanak duela aste batzuk hasi zirenetik. Bartzelonako Central de Projectes enpresako langileak museoko 1.000 metro koadroak egokitzen ari dira Olga Subirós-ek Donostiako egoitzarako prestatutako erakusketa diseinuari erantzunaz. Horrela, piskanaka piskanaka erakusketa, San Telmo Museoak eta Centre de Cultura Contemporània de Barcelonak elkarrekin ekoiztua, nolakoa izango den antzeman daiteke.

Aretoak iluntzeko pintura beltza eta 150 metroko luzera duen zinta-pantaila bat areto osoa zeharkatzen duena, bere zati berezi, bihurgune eta inklinazio, dira dagoeneko aretoetan ikus daitekeena. Ikusentzunezko zinta horren luzera osoan zehar, zazpi pantaila egongo dira: historia, politika, jokoa, kirola, zaintza, publizitatea, gehiegikeria. Helburua pantailaren boterea zein den azaltzea da, ikuspegi ezberdinak kontutan hartuta: erakargarritasuna, eredu eta arketipoen sorrera, informazioa, elkarreragitea, zaintza… eta pantaila-zinta luze honen pare, erabiltzaileen ikusentzunezko erantzunak, zuen ekarpenak, erakusketaren plataforma birtualera jadanik igo ditzakezuenak. http://pantallaglobal.cccb.org/es/incubacio

San Telmo Museoko hurrengo erakusketan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu zuen bideoak bertara igoaz. Gehienez bi minutuakoak izan behar dute eta webgunean planteatzen diren galderetako bati erantzun behar diote. Sariak egongo dira!!!

@santelmomuseo
@pantallaglobal
facebook.com/pantallaglobal

Parte hartu San Telmoko udako erakusketan!

Pantalla Història (1)

Anaia handiaren beldur zara, ala, aitzitik, behatzea eta zelatan egotea atsegin duzu?  Ez al dago oraina iraganera begiratu gabe? Abiadura, gehiegikeria eta mugarik gabe bizitzea atsegin duzu eta hori guztia adierazi nahi?  Nolako atsegin mota lortzen duzu pantaila zaharrekin eta berriekin?   Kirolaren zer ikuspegi ari gara sortzen pantaila anizkoitzen bidez? Publizitatearen, marken, modaren eta joeren fana al zara, ala horrek guztiak sumindu eta asaldatu egiten zaitu?…

Erantzun planteatutako galderetako bati, sortu bideo bat eta parteka ezazu zeure ikusmoldea “Pantaila Globala” proiektuaren webgunean. Ekainaren 30etik irailaren 30era San Telmo Museoan ikusgai egongo den erakusketan egoteko aukera izango duzu.

San Telmo Museoak parte hartzera gonbidatu nahi zaitu CCCBrekin batera ekoiztutako proiektu honetan, gaur egun pantailek duten eragina eta garrantzia aztertzen duena.

“Gerra eta bakea: zuzeneko begiradak”, argazki erakusketa berria

David Burnett_Contact Press Images 1971

Gaur aurkeztu eta ireki dugu San Telmo Museoan “Gerra eta bakea: zuzeneko begiradak” erakusketa, Euskadi 2012 Fundazioak antolatua. Museoko Laborategi gunean izango da ikusgai uztailak 12 arte, doako sarrerarekin.

‘Gerra eta bakea: zuzeneko begiradak’ argazki-erakusketa nazioarteko ospea duten 33 argazki-kazetariren hautaketa zaindu batekin osatu da, eta kazetari horiek, beren album zabalen barruan, beren ustez Gerra eta Bakea kontzeptu antagonikoak ongien irudikatzen dituzten bi irudiak bildu dituzte. Hortaz, ‘2012 Euskadi, Bake eta Askatasunaren aldeko Kulturen Urtearen’ barruan Fundación 2012 Fundazioak antolatutako erakusketak guztira 66 argazki bildu ditu.
Gutziak argazki-kazetaritzan mito izaera lortu duten gizon ospetsuen album pertsonaletatik atera dira, hala nola David Burnett, Don MacCullin, Enrique Meneses edo Patrick Chauvel, baina baita egunero munduari buelta ematen dioten irudi nabarienak sinatzen dituzten argazki-kazetarienak ere, hala nola Goran Tomasevic, Carolyn Cole, Álvaro Ybarra, edo Samuel Aranda, 2012ko World Press Photo saria irabazi duena.

“Historiaurrearen abentura Gipuzkoan” erakusketa

DSC_8041

San Telmo Museoak Gipuzkoako Historiaurreari buruzko erakusketa zabaldu du urtarrilaren 15era arte. Erakusketa Aranzadi Zientzia Elkartearekin batera egin da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin eta Ekainberriren laguntzaz. Helburua arkeologiaren alorrean eginiko ikerketak azaltzea da, XIX. mendean  hasi eta, pasoz pauso, gaur eguneko diziplina arteko ikerketetara iritsi arte. Honetaz gain, “Historiaurrearen abentura Gipuzkoan” erakusketak ibilbide honetan parte hartu dutenak ere gogora ekarri nahi ditu, eurak egindako lanari esker Gipuzkoako ondare historiko eta kulturala aberastu egin baita.

Erakusketarekin batera hainbat jarduera programatu dira, horien artean atzo museora Juan Luis Arsuaga ekarri zuten XII. Arkeologia Jardunaldiak, gaur 19:30etan euskarazko Alvaro Arrizabalagaren hitzaldiarekin jarraituko dutenak: “Paleolitoa eta ehiztari taldeak Gipuzkoan”. Bestelako jarduerak ere antolatu dira, esaterako bihar bertan martxan jarriko diren larunbatetako familientzako tailerrak (informazio gehiago hemen), hala nola bisita gidatuak, eta eskola eta taldeentzako programak.

(FAB)BOTS erakusketa San Telmoko Laborategia gunean

P1030197

Gaur goizean aurkeztu da (FAB)BOTS. Diseinu eta fabrikaziorako makina eta robot pertsonalizatuak erakusketa, Bartzelonako Disseny Hub-ek ekoiztua. San Telmo Museoko Laborategia gunean irailaren 11ra bitartean ikusgai izango dena.

Erakusketa hau aurkezteko prentsaurrekoan parte hartu dute Marta Malé-Alemany-k, komisarioak; Eva Joan-ek, Disseny Hub-eko kanpo Harremanetarako arduradunak (biak irudian); Antton Azpitartek, Donostia Kulturako zuzendariak; eta Carmen Garmendiak, San Telmo Museoko Aldi Baterako erakusketen arduradunak.

Honekin, Laborategia guneko jarduerei hasiera ematen zaie. Bertan, erakunde ezberdinekin lan egingo du museoak mota askotariko proiektuetan.

Erakusketari buruzko informazio gehiago, hemen.

“6 mila milioi Beste” erakusketa nola egin zen ezagutzeko aukera

6mA_making-of_1

Datorren asteazkenean, ekainak 1, San telmo Museoan abuztuaren 21era bitartean ikusgai dagoen erakusketaren errealizazioa nolakoa izan zen gertutik ezagutzeko aukera izango da, Baptiste Rouget-Luchaire-ren hitzaldiari esker.

Museoko ekitaldi aretoan egingo da hitzaldia, 20:00etan hasita, eta bertan, munduan zehar milaka lagun elkarrizketatzera eraman duen GoodPlanet Fundazioaren eta Yann Arthus-Bertrand-en proiektuaren nondik norakoak ezagutzera emango ditu bere egileetako batek. Izan ere, erakusketa osatzeko 78 herrialdeetan barrena 5.600 pertsona baino gehiagok 40 galderako galdeketari emandako erantzunak bildu dira.

Hitzaldia frantsesez izango da, euskara eta gaztelerazko itzulpenarekin. Sarrera librea izango da, lekuak bete arte.

Argazkiaren copyright-a: Florian Geyer/6 milliards d’Autres/ GoodPlanet

Kutxaren Boulevard Aretoetan San Telmori buruzko erakusketa ikusteko azken egunak

P8230085

Hauxe da Kutxaren Boulevard Aretoetan San Telmori buruz ikusgai dagoen erakusketa bisitatzeko azken astea. Izan ere, “San Telmo Museoa. Zatoz ezagutzera” titulua duen erakusketa hau igandera arte (irailak 5) irekita izango da.

Museoaren historia, berritze arkitektonikoa eta berrikuntza proiektua azaltzen ditu erakusketak hiru solairutan. Argazkian, bisitarien iradokizun eta ideiak jasotzeko `prestatu dugun txokoaren irudia, non ekarpen interesgarriak biltzen ari garen.

Erakusketak doako sarrera du eta ordutegia honakoa: 11:30-13:30 eta 17:00-21:00.

Informazio gehiago Kutxaren webgunean eta San Telmoren webgunean.

San Telmo Museoari buruzko erakusketa Kutxaren Boulevard aretoetan

st obra 1875

Gaur inauguratuko da “San Telmo Museoa. Zatoz ezagutzera” erakusketa. Kutxaren Boulevard aretoetan aurkezten den erakusketa honek San Telmo Museoaren berrikuntza proiektua eta prozesua azaltzen ditu, eta baita nolakoa da 2011n berriro ateak irekiko dituen museoa, Euskal Gizartearen eta Herritarren museo gisa. Aretoen egitura baliatuz -hiru solairuetan banatua- erakusketaren edukiak ere horrela antolatu dira bisitariak berritze prozesua ondo jarraitu ahal izateko.

Behe solairuan mendea betea duen museo honen historiari errepasoa egiten zaio: bildumak, museoan burututako ekitaldiak, erakusketak, jarduerak, bilakaera eta azkenik, berritzeko beharra eta lehen proiektuak.

Zero solairuan Nieto Sobejano arkitektura estudioaren proiektua azaltzen da, eta eskuhartzearen gakoak: eraikin historikoaren zaharberritzea eta errekuperazioa, museoaren zabaltzea eraikin berriaren bitartez, bere fatxada berezia eta museoko barne espazioen antolaketa.

Lehen solairuan, San Telmo berria zertan datzan azaltzen da, bai eta definizio horretara iristeko egin den lan prozesua: diskurtsoaren eraketa adituen laguntzaz, erakusketa iraunkorra, erakundearen ondare eta kultura proiektua, bere helburuak eta asmoak. Erakusketaren solairu honetan, gainera, museoaren publikoak zeintzuk izango diren azaltzen da, eta horrekin batera bere burua bertan islatua aurkitzen ez duen edozein pertsonak bere ekarpena egiteko aukera dago, publiko espektro hori aberastuz.

Ordutegia, egunero 11:30-13:30 eta 17:00-21:00, eta sarrera dohainik.

Informazio gehiago Kutxaren webgunean eta San Telmo Museoaren webgunean.

“Hormigoizko Diseinuak” erakusketa Museum Cemento Rezolan

 

Obras hormigon

Hormigoizko diseinuak erakusketa kolektibo honek material honekin egindako dekorazio piezak biltzen ditu, mahaiak, aulkiak, lanparak, bitxiak… baita testura, kolore eta amaiera anitzeko beste zenbait objektu ere.

Bertan erakusten den obra bakoitzak artistaren araberako linea pertsonala eskaintzen du, guztiak kontu handiz eta soiltasunez egindako pieza bakarrak izanik.

Horien artean Álvaro Ledesma eskulturgile eta margolari euskaldunaren mahai bat dago besteak beste.

Erakusketa honek hormigoia, denbora luzean zehar estetika urbano eta post-industrial bati lotua egon dena, material ultramoderno gisa aldarrikatu nahi du, arkitekturari eta diseinuari forma ematen laguntzen diona, batez ere bere azken berrikuntza teknologikoen ostean. Erakusketa ekainaren 13rarte egongo da ikusgia Museum Cemento Rezolan, asteartetik igandera, 10:00etatik 14:00etara.

“Basque Sketches” Koldo Mitxelenan.

 

Donostia
 
Erakusketa honek britainiar militar batzuek lehen karlistadan bizi izan zituzten esperientzien lekukotza biltzen du akuarelen eta litografien bidez. Ilustratzaile hauek paisaiak eta eguneroko bizitzako gorabeherak irudiztatu zituzten, gerrako bizipenez gain.

Dokumentuen artean nabarmentzekoak dira akuarelen koaderno bat, orain arte argitaratu gabea; Britainiako boluntario liberalen litografiekin osatutako album batzuk; eta azkenik, lehen aldiz, Charles Henningsen boluntario karlistaren akuarelak.

Erakusketan bildutako irudi eta dokumentu guztiak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren bildumakoak dira eta Ondare eta Kultur Sustapen eta Hedapeneko Zuzendaritzaren elkarlanaren fruitu da, izan ere, erakusgai dauden dokumentuak, Zumalakarregi museoan eta artxiboetan gordeta bait daude.

Erakusketa hau apirilaren 30 arte zabalik izango da Koldo Mitxelena Kulturuneko Ganbaran, asteartetik larunbatera 11:00-14:00 eta 16:00-20:00etara.