donostiakultura.com

zaharberritzea

San Telmoren ehunezko bildumaren tratamendua

traslado textil

 

San Telmo Museoak bere ehunezko bilduma osoa bidali berri du Terrassako Centre de Documentació i Museu Tèxtil delakora prebentziozko desinfekzio tratamendu bat burutzeko.

Museoaren 1.520 piezako bilduma janzkera zibila, militarra, folklorea, alpargata eta abarrez osatua dago, ohial ezberdinekin egindakoak, hala nola, linuzko pieza sorta garrantzitsu batez, XVIII. mendea eta gaur egun bitarte egindakoak guztiak.

Aplikatuko zaien tratamenduak anoxia izena du eta piezarentzat egindako enbalajeko –plastikozko filmez egindako balbuladun poltsak- oxigeno guztia nitrogenoz ordezkatzean datza, ehunean egon daitekeen edozein izaki bizidun, arrautz edo larba deuseztatzeko. Horrela, bilduma segurtasunez gorde ahal izatea bermatzen da.

Zaharberritze tratamenduak

2008ko azken hilabeteotan hainbat funtsen gainean zaharberritze lan bat egin da, shock termikoaren bitartez xilofagoen aurkako tratamendua aplikatuz. Honen barne sartu dira tallak eta altzariak, armak, markoak, Diderot entziklopedia eta etnografiako pieza guztiak.

Halaber, pintura lanen alorrean presazko kontserbazio eskuhartzeak burutu dira, hauen artean azpimarratzekoak intsektuen aurkakoak, bastidore aldaketak eta kontsolidazioa. Pintura atalean lan gehiago egiten ari dira oraindik ere.