donostiakultura.com

Bokado

Familia hizpide

Erakusketako argazkia

Gaur Ankulegi (Euskal Antropologia Elkartea) Argazkigintza Etnografikoaren I. lehiaketako 15 irudien hautaketarekin prestatutako erakusketa jarri da ikusgai San Telmon. “Ahaidetasuna gizarte garaikideetan: ikuspegi eta auzi berriak familiarteko harremanen azterketa antropologikoan” gaia jorratzen du, datorren martxoaren 16an museoan bertan antolatu den Ankulegiren XV. edizio jardunaldiak landuko duen gai bera.

Argazkiak datorren martxoaren 18ra arte egongo dira ikusgai museoaren gune grastrokulturalaren sarbidean eta lehiaketaren irabazleen izenak, berriz, Ankulegiren Jardunaldietan emango dira jakitera. Lehen saria elkarteak berak emango du – diploma eta saritutako argazkiaren publikazioa, Ankulegi aldizkariaren portadan- eta bigarrena publikoak erabakiko du –150 euroko sari ekonomikoa, diploma eta antropologiari buruzko liburu sorta bat-.

Jardunaldietan, gainera, ikerlari eta profesionalak ahaidetasunaren inguruan arituko dira, besteak beste: Pariseko École de Hautes Études en Sciences Sociales-eko Enric Porquerès eta Bartzelonako Universitat Autònomako Aurora González Echevarría.

Sarrera librea izango da lekuak bete arte eta aukera askeko kredituak lortzeko aukera ere egongo da.

Informazio gehiago hemen

Ostegunero, pintxo dastaketa San Telmon

STM-Bokado 2

Ostegunero Bokado taldeak kudeatzen duen San Telmoko kafetegiak, pintxo berri bat dastatzeko doako aukera eskaintzen du. Bertako sukaldari nagusiak, Paul Arrillagak, zein pauso jarraitzen dituzten argitu digu: “Astero produktu bat aukeratzen dugu eta osagai horrekin hainbat proba egiten dugu nahi duguna lortu arte”.

Berrikuntzarako eszenatoki paregabea bihurtu da, beraz, San Telmoko gastro-kultura gunea. Astean zehar landutako produktu horren emaitza da bertako sukaldari taldeak ostegunero, 20:00etatik 22:00etara,  banatzen duen pintxoa. “Bezeroek eskatzen duten edariarekin batera pintxoa ematen diegu proba dezaten”, azaldu du Arrillagak.

Gainera, pintxoarekin batera txartel bana ematen zaie bezeroei “mokadua zer iruditu zaien” azaldu dezaten. “Oro har arrakasta izan duela ikusten badugu balioztatu eta gure sortze-zerrendara gehitzen dugu pintxo berri gisa”, argitu du sukaldariak.