Gipuzkoako arkeologiak interesa piztu du jendartean
2012ko Urtarrilak 18

2400 bisita inguru izan ditu San Telmo Museoan amaitu berri den “Historiaurrearen abentura Gipuzkoan” erakusketak. Gainera, hauetatik, erdiak baino gehiagok erakusketarekin batera antolatu diren hitzaldi, bisita eta tailer didaktikoetan parte hartu du.
Erakusketaren osagarri gisa egin diren jarduerek oso harrera ona izan dute, batik bat 2011ko azaro eta abendu bitartean programatutako adituen bost hitzaldiek eta erakusketa osoan zehar egin diren familia eta taldeentzako tailerrak.
Hitzaldien artean Juan Luis Arsuaga arkeologoarena nabarmendu zen. Ekitaldi aretoa betetzeaz gain, beste areto bat ireki behar izan zen kanpoan gelditu zen jendeak hitzaldia zuzenean jarrai zezan, proiektore baten bidez. Tailerretan ere, 65 familiak eta 11 taldek parte hartu dute, 520 pertsona inguru, hain zuzen.
Aranzadi Zientzia Elkartearekin lankidetzan egin den lan honek Gipuzkoan historiaurreko arkeologiak izan dituen ikerketa etapa desberdinak jorratu ditu. Erakusketa ikusteko gogoz gelditu denak aukera izango du aurrerago, San Telmotik Gipuzkoako beste hainbat herrietara eramateko asmoa baitu Aranzadi Elkarteak.





(2 votes, average: 4,00 out of 5)





































