donostiakultura.com

gastronomía

Publiko guztientzat jarduerak aste honetan museoan

bisita gidatuak

Jarduera asko eta anitzak aste honetan San Telmon: antropologia jardunaldia, bisita gidatuak, familientzako tailerrak, hitzaldiak eta eztabaidak…Anima zaitez!

Astea “Bertako produktuak bizitza osasuntsu baterako” hitzaldiarekin hasiko da, 19:00tan. Solasaldia D’elikatuz elikadura eta gastronomia zentroko adituek eskainiko dute elikadura osasungarria bultzatzeko helburuarekin. Jarraian, teoriatik praktikara salto eginez,  Bokado gune gastro-kulturalean dastatze saio bat egingo dute.

Bihar, asteartea, Iratxe Retolaza idazlearen txanda izango da. Gazte donostiarrak euskal literaturan emakumeen paperari buruz hitz egingo du Asteazken Kulturalak zikloaren barne. Hitzaldia, Bagera elkarteak eta museoak antolatua, 19:30ean izango da, euskaraz, eta sarrera librea izango da lekuak bete arte.

Ostegunean Gaston Bordetek, Besaçon-eko (Frantzia) Unibertsitateko Ideien Historiako katedraduna eta argien mendeko gizarte pentsakeraren ikertzaile izandakoa, Jean Jaques Rousseau-ri buruzko hitzaldia eskainiko du honen hirugarren mendeurrena aurten betetzen dela eta. Hitzaldia eta baita ondorengo eztabaida ere frantsesez garatuko dira, euskarazko eta gaztelerazko aldibereko itzulpenarekin.

Ostiralean, berriz, Ankulegiren (Euskal Antropologia Elkartea) XV. jardunaldia egingo da museoan. Jorratuko den gaia “Ahaidetasuna gizarte garaikideetan: ikuspegi eta auzi berriak familiarteko harremanen azterketa antropologikoan” izango da. Jarduera 9:00tan hasiko da eta 20:00rak arte iraungo du. Parte hartzea irekia da, izena 9:00etan eman daiteke egunean bertan.

Asteburu pasa familia giroan

Asteburua ere jarduerez betea izango dugu San Telmon. Larunbat honetan ere “Josep M. Sert. Modeloaren argazki artxiboa” erakusketaren inguruan antolatutako familientzako jarduerak ditugu, oraingo honetan  “Argazki bizidunak” tailerra. 6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako tailer honetan argazkien eta mihiseen arteko ezberdintasun eta kontrasteak aztertuko dira, testuinguruetan (fondoak) eta eszenatan arreta berezia jarrita. Sarrerak museoan egongo dira salgai 5 euroren truke familia bakoitzeko (plaza kopurua mugatua).

Larunbatean, gainera, Euskaraz bizi Eguna ospatuko da Donostiako Alde Zaharrean antolatu diren hainbat ekitaldiren bidez. Museoak bi jardueren bitartez hartuko du parte: “Hizkuntza Jokabideen” tailerrarekin, 10:30ean, eta izen bera duen bakarrizketarekin, 12:00etan. Lehenengo ekimenean beharrezkoa da aurretik izena ematea – bagera@bagera.net o 943467181 telefonoan-; bigarrenean, berriz, sarrera librea izango da lekuak bete arte.

Honetaz gain, bisita gidatuak antolatu dira doan –sarrera erosita- oraintxe museoak dituen aldi baterako erakusketetarako. Larunbatean, “Bazterrekoen irudiak. Ikuspegi erlijiosotik begira” ikusteko euskarazko bisitak 17:00etan hasiko dira eta gaztelerazkoak 18:30etan.  Igandean, ordea, “Josep M. Sert: modeloaren argazki artxiboa” ikusteko gaztelerazko bisitak 11:30ean hasiko dira eta euskarazkoak 12:45etan. Ez da beharrezkoa aurretik izena ematea.

Ostegunero, pintxo dastaketa San Telmon

STM-Bokado 2

Ostegunero Bokado taldeak kudeatzen duen San Telmoko kafetegiak, pintxo berri bat dastatzeko doako aukera eskaintzen du. Bertako sukaldari nagusiak, Paul Arrillagak, zein pauso jarraitzen dituzten argitu digu: “Astero produktu bat aukeratzen dugu eta osagai horrekin hainbat proba egiten dugu nahi duguna lortu arte”.

Berrikuntzarako eszenatoki paregabea bihurtu da, beraz, San Telmoko gastro-kultura gunea. Astean zehar landutako produktu horren emaitza da bertako sukaldari taldeak ostegunero, 20:00etatik 22:00etara,  banatzen duen pintxoa. “Bezeroek eskatzen duten edariarekin batera pintxoa ematen diegu proba dezaten”, azaldu du Arrillagak.

Gainera, pintxoarekin batera txartel bana ematen zaie bezeroei “mokadua zer iruditu zaien” azaldu dezaten. “Oro har arrakasta izan duela ikusten badugu balioztatu eta gure sortze-zerrendara gehitzen dugu pintxo berri gisa”, argitu du sukaldariak.