donostiakultura.com

jarduerak

Urtaro programa abian jarriko du museoak

Godalet

San Telmo Museoak abian jarriko du, datorren astean, URTARO programa. Ekimen honen helburua urteko lau urtaroetan jardunaldi bat egitea da museoko bildumak eta erakusketa iraunkorreko atal ezberdinetan sakontzeko. Jardunaldi bakoitza proiektu bat izango da bere baitan, ikerketa eta dokumentazioa sustatuz eta publiko ezberdinentzako eskaintza sortuz.

Neguari agur esanez hasiko da programa eta lehenengo jardunaldiaren gaia Xuberoako Maskarada izango da, Zamaltzainaren pertsonaian oinarriturik. Kasu honetan, erakusketa iraunkorreko Tradizioak bizirik dirau sailarekin lotuko dira jarduerak, euskara eta euskal folklorea, jantziak eta festen inguruko tradizioak ezagutzera emanez.

Informazio gehiago hemen

Publiko guztientzat jarduerak aste honetan museoan

bisita gidatuak

Jarduera asko eta anitzak aste honetan San Telmon: antropologia jardunaldia, bisita gidatuak, familientzako tailerrak, hitzaldiak eta eztabaidak…Anima zaitez!

Astea “Bertako produktuak bizitza osasuntsu baterako” hitzaldiarekin hasiko da, 19:00tan. Solasaldia D’elikatuz elikadura eta gastronomia zentroko adituek eskainiko dute elikadura osasungarria bultzatzeko helburuarekin. Jarraian, teoriatik praktikara salto eginez,  Bokado gune gastro-kulturalean dastatze saio bat egingo dute.

Bihar, asteartea, Iratxe Retolaza idazlearen txanda izango da. Gazte donostiarrak euskal literaturan emakumeen paperari buruz hitz egingo du Asteazken Kulturalak zikloaren barne. Hitzaldia, Bagera elkarteak eta museoak antolatua, 19:30ean izango da, euskaraz, eta sarrera librea izango da lekuak bete arte.

Ostegunean Gaston Bordetek, Besaçon-eko (Frantzia) Unibertsitateko Ideien Historiako katedraduna eta argien mendeko gizarte pentsakeraren ikertzaile izandakoa, Jean Jaques Rousseau-ri buruzko hitzaldia eskainiko du honen hirugarren mendeurrena aurten betetzen dela eta. Hitzaldia eta baita ondorengo eztabaida ere frantsesez garatuko dira, euskarazko eta gaztelerazko aldibereko itzulpenarekin.

Ostiralean, berriz, Ankulegiren (Euskal Antropologia Elkartea) XV. jardunaldia egingo da museoan. Jorratuko den gaia “Ahaidetasuna gizarte garaikideetan: ikuspegi eta auzi berriak familiarteko harremanen azterketa antropologikoan” izango da. Jarduera 9:00tan hasiko da eta 20:00rak arte iraungo du. Parte hartzea irekia da, izena 9:00etan eman daiteke egunean bertan.

Asteburu pasa familia giroan

Asteburua ere jarduerez betea izango dugu San Telmon. Larunbat honetan ere “Josep M. Sert. Modeloaren argazki artxiboa” erakusketaren inguruan antolatutako familientzako jarduerak ditugu, oraingo honetan  “Argazki bizidunak” tailerra. 6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako tailer honetan argazkien eta mihiseen arteko ezberdintasun eta kontrasteak aztertuko dira, testuinguruetan (fondoak) eta eszenatan arreta berezia jarrita. Sarrerak museoan egongo dira salgai 5 euroren truke familia bakoitzeko (plaza kopurua mugatua).

Larunbatean, gainera, Euskaraz bizi Eguna ospatuko da Donostiako Alde Zaharrean antolatu diren hainbat ekitaldiren bidez. Museoak bi jardueren bitartez hartuko du parte: “Hizkuntza Jokabideen” tailerrarekin, 10:30ean, eta izen bera duen bakarrizketarekin, 12:00etan. Lehenengo ekimenean beharrezkoa da aurretik izena ematea – bagera@bagera.net o 943467181 telefonoan-; bigarrenean, berriz, sarrera librea izango da lekuak bete arte.

Honetaz gain, bisita gidatuak antolatu dira doan –sarrera erosita- oraintxe museoak dituen aldi baterako erakusketetarako. Larunbatean, “Bazterrekoen irudiak. Ikuspegi erlijiosotik begira” ikusteko euskarazko bisitak 17:00etan hasiko dira eta gaztelerazkoak 18:30etan.  Igandean, ordea, “Josep M. Sert: modeloaren argazki artxiboa” ikusteko gaztelerazko bisitak 11:30ean hasiko dira eta euskarazkoak 12:45etan. Ez da beharrezkoa aurretik izena ematea.

Mugatxoan. “Gorputza desagertzen denean”

Mugatxoan

Mugatxoan ekimenak “Gorputza desagertzen denean” tailerra antolatu du San Telmon. Arteleku eta Tabakalerak koproduzitutako proiektua, ostiraletik igandera izango da museoan.

“Gorputza desagertzen denean” proiektuaren helburua zenbait forma/praktikaren esperimentazioan oinarrituta, diskurtsoa sortzean datza. Praktika horiek testuinguru ezberdinetan garatzea proposatzen du, zalantzan jarriz egungo formatu diskurtsiboen esperimentazioa, performance-a argitalpen gisa eta praktika hauek plazaratzea ikuslego berri eta zabalago baten aurrean. Proiektu honek, urtean zehar, hainbat une ikusgarri izango ditu eta bigarren atal honetan, 0 Emanaldia saioa aurkezten du.

Irrati saio bat sortuko dute performance-a (edo ekintza artistikoa), hitzaldia, elkarrizketak eta hainbat parte-hartzerekin. Sortzen den irratsaio hori Laborategi aretoan entzuteaz gain, irrati libre batean ere entzun ahal izango da.

Artelekuk ateak itxi behar izan zituen joan den urteko azaroan jasan zituen uholdeengatik. Hori dela eta, tailerra museoko Laborategi aretoan (bigarren pisua) izango da doan, 18:00tatik 21.00tara.

Gipuzkoako arkeologiak interesa piztu du jendartean

Arsuaga

2400 bisita inguru izan ditu San Telmo Museoan amaitu berri den “Historiaurrearen abentura Gipuzkoan” erakusketak. Gainera, hauetatik, erdiak baino gehiagok erakusketarekin batera antolatu diren hitzaldi, bisita eta tailer didaktikoetan parte hartu du.

Erakusketaren osagarri gisa egin diren jarduerek oso harrera ona izan dute, batik bat 2011ko azaro eta abendu bitartean programatutako adituen bost hitzaldiek eta erakusketa osoan zehar egin diren familia eta taldeentzako tailerrak.

Hitzaldien artean Juan Luis Arsuaga arkeologoarena nabarmendu zen. Ekitaldi aretoa betetzeaz gain, beste areto bat ireki behar izan zen kanpoan gelditu zen jendeak hitzaldia zuzenean jarrai zezan, proiektore baten bidez. Tailerretan ere, 65 familiak eta 11 taldek parte hartu dute, 520 pertsona inguru, hain zuzen.

Aranzadi Zientzia Elkartearekin lankidetzan egin den lan honek Gipuzkoan historiaurreko arkeologiak izan dituen ikerketa etapa desberdinak jorratu ditu. Erakusketa ikusteko gogoz gelditu denak aukera izango du aurrerago, San Telmotik Gipuzkoako beste hainbat herrietara eramateko asmoa baitu Aranzadi Elkarteak.

“Historiaurrearen abentura Gipuzkoan” erakusketa ikusteko azken egunak

Historiaurreari buruzko tailerrak

“Historiaurrearen abentura Gipuzkoan” erakusketa bisitatzeko azkeneko egunak dira datorren igandean amaituko baita, urtarrilak 15ean. Asteburuko ordutegia 10:30etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00tara izango da.

Erakusketa amaitu baino lehen “Historiaurreko margoak” izeneko azken tailerra eskainiko da. Helburua historiaurreko munduan murgiltzea da modu didaktiko eta aktibo batean, historiaurreko margoak ardatz izaki. Jarduera larunbat honetan izango da 17:00etan, gazteleraz eta euskaraz.

Orain arte erakusketarekin batera egin diren tailer guztiek harrera oso ona izan dute eta ildo bera jarraituz, hau ere familiei zuzenduta egongo da. Ekitaldia museoko Hezkuntza Tailerrean burutuko da, 2. solairuan. 5 euro balioko du familia bakoitzeko eta ez da beharrezkoa aurrez hitzordua hartzea.

Ostegunero, pintxo dastaketa San Telmon

STM-Bokado 2

Ostegunero Bokado taldeak kudeatzen duen San Telmoko kafetegiak, pintxo berri bat dastatzeko doako aukera eskaintzen du. Bertako sukaldari nagusiak, Paul Arrillagak, zein pauso jarraitzen dituzten argitu digu: “Astero produktu bat aukeratzen dugu eta osagai horrekin hainbat proba egiten dugu nahi duguna lortu arte”.

Berrikuntzarako eszenatoki paregabea bihurtu da, beraz, San Telmoko gastro-kultura gunea. Astean zehar landutako produktu horren emaitza da bertako sukaldari taldeak ostegunero, 20:00etatik 22:00etara,  banatzen duen pintxoa. “Bezeroek eskatzen duten edariarekin batera pintxoa ematen diegu proba dezaten”, azaldu du Arrillagak.

Gainera, pintxoarekin batera txartel bana ematen zaie bezeroei “mokadua zer iruditu zaien” azaldu dezaten. “Oro har arrakasta izan duela ikusten badugu balioztatu eta gure sortze-zerrendara gehitzen dugu pintxo berri gisa”, argitu du sukaldariak.

Bizimoduak: migrazioak, Historiaurrea eta tradiziozko jantziak

Tailerra

‘Arkitektura: film mintzairak’ egitasmoaren barruan antolatu diren hitzaldi eta proiekzioez gain, San Telmo Museoak beste hainbat jarduera programatu ditu aste honetan. Asteazkenean, abenduak 14, Ane Albisuk “Santo Tomasetan nola jantziko zara?” hitzaldi-tailerra eskainiko du, 19:00etan.

Euskal Herriko tradiziozko jantziak izan duen bilakaerari eta erabilerari buruz hitz egingo du Albisuk, Ikerfolk-eko jantzi saileko arduradunak, eta nola atondu behar den ere erakutsiko du. Azken ehun urteotan geure jantzi eta janzkerek egin duten ibilbidea irudien bidez aditzera emateaz gain, hainbat janzki nola jantzi izan diren eta nola janzten diren azalduko du era praktikoan. Ekitaldia museoko Hezkuntza tailerrean (2.solairua) egingo da. Euskaraz izango den 2 ordu inguruko tailer honetako sarrera librea izango da, jarleku guztiak bete arte.

Larunbatean, abenduak 17, Migratzailearen Nazioarteko Eguna dela eta, Oskar Tejedoren “Compañeras de viaje” (2011) dokumentala proiektatutako da gazteleraz museoko Ekitaldi Aretoan, 18.00etan. Honetan, familiak bere seme-alabak zaintzen dituen bitartean, hartzen dituen herrian zaharrak edota haurrak zaintzen dituzten emakumeen bizitza islatzen da. Sarrera librea izango da, jarleku guztiak bete arte. Emanaldiaren ondoren solasaldirako aukera izango da. Bitartean, museoko liburutegian eguberriari buruzko tailer bat egingo dute, haurrei zuzenduta.

Egun berean, “Historiaurreko bizimoduak” familientzako tailerra egingo da, 17:00etan. Historiaurrearen abentura Gipuzkoan erakusketari loturiko familientzako tailerra, modu didaktiko eta aktibo batean historiaurreko munduan murgiltzeko helburua duena. Tailer honetan lehen gizakiak nola bizi ziren ikasiko da. Ele bitan egingo dute ekitaldia museoko Hezkuntza Tailerran eta 90 minutu inguruko iraupena izango du. Ez da beharrezkoa aurrez hitzordua hartzea baina plaza kopurua mugatua da. Kostua 5 euro familia bakoitzeko.

Eskaintza zabala asteburuan San Telmon

EREAGATIK MATXITXAKORA 02

Jarduera asko eta anitzak asteburu honetan San Telmo Museoan: erakusketak, bisitak, tailerrak, proiekzioak…

Ohiko eskaintzaz gainera, euskal gizarteari buruzko museoaren erakusketa iraunkorra, badira beste jarduera asko, besteak beste aldi baterako erakusketak, “Federico Fellini. Ilusionen zirkua” eta “Historiaurrearen abentura Gipuzkoan”, bietara sartzeko sarrera doan.

Felliniren erakusketarako bisita gidatuak egingo dira bai larunbatean bai igandean, dohainik. Ez da aurretik hitzordua hartu behar eta ordutegia honako da: 11:00etan eta 17:00etan euskaraz eta 12:30ean eta 18:30ean gazteleraz.

“Historiaurrearen abentura Gipuzkoan” erakusketako familien tailerrerako ere ez da beharrezkoa aurretik hitzordua hartzea baina plaza kopurua mugatua da. Larunbat honetan historiaurreko tekniken inguruko tailerrak egingo dira silex eta hezurrak nola lantzen ziren erakutsiz.

Larunbat arratsaldean, Euskeraren Nazioarteko Eguna ospatzeko, Gotzon Elortzak 50 eta 60ko hamarkadetan egin zituen “Ereagatik Matxitxakora”, “Aberria” y “Elburua Gernika” filmak proiektatuko dira. Emanaldiak 16:00etan, 17:30ean eta 19:00etan hasiko dira, Ekitaldi Aretoan, lekuak bete arte sarrera librea izango da.

Bisita gidatuez gain, igandean, Hileko obra egingo da Ekitaldi Aretoan, 12:00etan. Museoaren Lagunen Elkarteak antolatutako ekintza honetan, Mauro Peñalbak Antonio Soláren “Ceres” eskulturari buruzko hitzaldia emango du. Sarrera librea izango da lekuak bete arte.

San Telmo Museoko iraileko agenda

Portada folleto_Maquetación 1.qxd

Antzerki ikuskizunak, kontzertuak, liburuen aurkezpenak, zinea… Jarduera erakargarri ugariz betea dator San Telmo Museoko iraileko agenda.

 Irailaren 13tik aurrera, gainera, Federico Fellini zinemagileari buruzko erakusketa interesgarria izango da ikusgai museoan, erakusketarako sarrera dohainik izango delarik.

Agenda deskargatu

Immigraziorako itun soziala martxan jarriko duela jakinarazi du Zabaleta sailburuak San Telmo Museoan

San Telmo Museoak Euskal Herriko Unibertsitateak antolatu duen Europako immigrazio politikak: gizarte europar eta globala udako ikastaroa itxi du gaur. Saioak Europako etorkinek bizi duten egoera aztertzea izan du xede, eta besteak beste,Iñigo Lamarca Arartekoa eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaleta izan dira. Azken honek jakinarazi duenez, Patxi Lopezen lan taldeak Immigraziorako Itun Sozial berria jarriko du martxan datorren udazkenean.

Sailburuak aurreratu duenez, itunaren helburua xenofobiaren aurka egitea da, izan ere, gaur egun Euskadin 145.000 etorkin bizi dira gure artean. Itun berria urrian jarriko da martxan, eta gizarteko estamentu guztien arteko elkarbizitza hobetzea du xede.

Mahaia-Foto:Oskar Moreno

Irudian: Susana del Río (Gobernantza Demokratikoaren Institutua ), Gemma Zabaleta (Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua), Ricardo Echepare (EHUko Udako Ikastaroak) eta Susana Soto (San Telmo Museoko zuzendaria).