donostiakultura.com

zaharberritzea

San Telmoko pinturen dimentsio berria

_66U7538

San Telmo Museoaren berrikuntza proiektuaren lanak egiterakoan, elizako gangan XVI. mendeko pinturak aurkitu ziren 2009an eta zaharberritu ondoren, hauei buruzko ikerketa bat egitea eskatu zitzaion Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea den Pedro Echeverríari. Orain, ikerketa amaitutzat eman daiteke eta aditu honi esker ez soilik pinturak, baizik eta eliza beraren eta komentuaren ikuspegi berria ematen duen informazioa argitara atera da. Izan ere, pinturak garrantzitsuak direla argi geratu da, baina uste baino dimentsio handiagoa izan zuen elizan egindako lanak eta, lan hau gure egunetara osorik iritsi ez den arren, fundatzaileen tribuna, desagertutako erretaula eta beste elementu batzuek San Telmo Europako egileekin lotzen dute.

Honi buruzko informazioa biltzen duen txostena jarri dugu hemen.

1542ko San Telmoko lehenengo traza, zaharberritua

  archivo hijar

 

San Telmo Museoak 1542ko komentuko lehenengo planoaren zaharberritzea finantzatu du. Zaragozako Agiritegi Probintzial Historikoa 84 x 50 zentimetro inguru dituen plano hau zaintzeaz arduratzen da.

 Zaharberritze lan hau Donostian dagoen komentuaren sorrerako agiriei eta domingotar eraikinaren jatorriari buruzko dokumentuen digitalizazio proiektu zabalagoaren barne kokatzen da. Hauek, Casa Ducal de Híjar delakoarenak dira eta gaur egun, Zaragozako Agiritegi Probintzial Historikoan gordetzen dira. Materiala, 2.000 argazki eta irudi inguru, Aragoiko Gobernuarena da.

 San Telmo Museoaren eta Aragoiko Gobernuaren artean sinatutako hitzarmenari esker, museoak zaharberritzea eta digitalizazioa ordainduko ditu, Idiaquez izeneko Fondoa ikerketa eta irabazi- asmorik gabeko difusio helburuarekin erabili ahal izateko eskuragarri jartzeko. Digitalizazioa martxan jarri baino lehen, komentuko lehenengo planoa eta piska bat beranduagoko traza bat –gerora eraikuntza kontratuak koadernatzeko material gisa erabili zena- zaharberritu dira.

Pergaminoak, aspaldiko zikinkeriaz metatuta zeuden eta beste arazo batzuen artean, intsektuen gorozkiak eta gainzimurrak zituzten. Gema Perales Hoces-ek burutu duen zaharberritzen prozesua, garbiketan, leunketan, egonkortzean eta berriz agiratzean datza.

San Telmoren ehunezko bildumaren tratamendua

traslado textil

 

San Telmo Museoak bere ehunezko bilduma osoa bidali berri du Terrassako Centre de Documentació i Museu Tèxtil delakora prebentziozko desinfekzio tratamendu bat burutzeko.

Museoaren 1.520 piezako bilduma janzkera zibila, militarra, folklorea, alpargata eta abarrez osatua dago, ohial ezberdinekin egindakoak, hala nola, linuzko pieza sorta garrantzitsu batez, XVIII. mendea eta gaur egun bitarte egindakoak guztiak.

Aplikatuko zaien tratamenduak anoxia izena du eta piezarentzat egindako enbalajeko –plastikozko filmez egindako balbuladun poltsak- oxigeno guztia nitrogenoz ordezkatzean datza, ehunean egon daitekeen edozein izaki bizidun, arrautz edo larba deuseztatzeko. Horrela, bilduma segurtasunez gorde ahal izatea bermatzen da.

Elizako pinturak, gertutik

YouTube Preview Image

Ikusgai daude San Telmo Museoaren Youtube gunean museoaren elizan aurkitutako pinturei buruzko bideoak. 2009ko bigarren erdian egin zen pintura hauen zaharberritzea eta lan hori amaitzear zegoela hartu ziren irudi hauek. Pinturez gain, zaharberritzea burutu duen Artelan enpresako ordezkari Javier Latorrerekin elkarrizketa eta San Telmo Museoko zaharberritze ataleko Ana Santo Domingo teknikariarekin elkarrizketa daude. Egun, pinturei buruzko ikerketan lanetan dihardu Pedro Echeverría EHUko irakasleak.

San Telmoko elizako pinturak zaharberrituta

elizako pinturak

Amaitu berri dute San Telmo Museoaren elizan aurkitutako XVI. mendeko pinturen zaharberritze prozesua. Pintzeladura hauek museoaren eta eraikuntzaren balioa areagotzen dute, hala nola, hiriaren beraren ondarea, Gipuzkoan ez baitaude garai honetako pinturak mantentzen dituzten eliza asko, eta horregatik Donostiako Udala eta museoa bera egin beharreko ahaleginaren garrantziaz jabetu dira.

2008ko bukaeran laginak egin ziren elizako hormetan pinturak egon zitezkeelakoan, eta hala zela konfirmatu ondoren 2009ko udan hasi zen zaharberritze prozesua.

Sei hilabetetan zehar Artelan enpresako hamar pertsona aritu dira lanean buru belarri eta abenduaren 31rekin amaitutzat eman den prozesuaren ondoren pinturen %30a erreukperatzera iritsi dira.

Aurkitutako pintzeladuren kalitatea dela eta, museoa EHUko Pedro Etxeberria irakaslearekin harremanetan jarri da hauen ikerketa sakon bat burutu dezan eskatzeko, jadanik abian dagoen ikerketa.

Pinturak aldarearen gangetan, aldare alboko lunetoetan eta alboko paramentoetan daude.

‘Bailarinas’ eskulturaren zaharberritzea

bailarinas 6

‘Bailarinas’ eskulturaren zaharberritzea, abian dagoena, urriaren erdialdera bukatzea aurreikusten da.

Euskadi plazan, Santa Katalina zubia eta Frantziako pasealekua elkartzen diren puntuan kokatuta dago “Bailarinas” eskultura. Egile ezezaguneko eskultura honek, marmolezkoa, kokapen ezberdinak izan ditu hirian. XX. mendeko lehen laurdenekoa da eta jatorrian Alderdi Ederren jarri zuten. Ondoren, Boulevard eta Hernani kalearen izkinean jarri zen eta 1995ean, Euskadi plazaren eraberritzearekin, gaur egun dagoen lekura ekarri zuten.

Azken urteotan hainbat kalte jasan ditu eta, hori dela eta, beharrezkoa zen zaharberritzea aditu bati egitea eskatu dio San Telmo Museoak.

Pinturak San Telmoko elizan

gangako pinturatako batSan Telmoko elizak gordeta zituen altxorrak erakusten jarraitzen du, oraingoan horma-pinturak direla. 2008ko amaiera aldera egindako lagin batzuei esker aurkitu zen pintura dekoratibo multzo bat, pasa den ekainean zaharberritzen hasi zena.  Aldarearen inguruan pintura hauek zeudela ikusita, elizako beste puntuetan ere margoak aurkituko zirelakoan lagin berriak egin dira eta hala dela baieztatu da, aldareko horman eta nabearen aldeetako hormetan. Hasieran aurkitutako pinturen zaharberritzeari ekin zaio jadanik.

Zaharberritze tratamenduak

2008ko azken hilabeteotan hainbat funtsen gainean zaharberritze lan bat egin da, shock termikoaren bitartez xilofagoen aurkako tratamendua aplikatuz. Honen barne sartu dira tallak eta altzariak, armak, markoak, Diderot entziklopedia eta etnografiako pieza guztiak.

Halaber, pintura lanen alorrean presazko kontserbazio eskuhartzeak burutu dira, hauen artean azpimarratzekoak intsektuen aurkakoak, bastidore aldaketak eta kontsolidazioa. Pintura atalean lan gehiago egiten ari dira oraindik ere.